martes, 31 de enero de 2012

Derrigorrezko gauza bakarra, heriotza.

Igande hura iritsi zen. Gogoan nituen eguna, ordua eta lekua…nire urduritasuna argia zen, autoko giltzak nire atzamarretan zehar dantzan zeuden, nire burmuinak atzamarrei gelditzeko agindua noiz ematearen zain, eta izterra sutan sentitzen nuen, poltsikoan neukan papertxoaren eraginez.

Ezinegon hura alde batera utzi, eta Toyota zurian sartu nintzen. Martxan jarri bezain laster irratia piztu, eta eguneroko berrien oihartzuna entzuten nuen bitartean, pentsatzeari ekin nion, nahaste hura guztia argitu nahian.


Urriak 4, larunbata.


Emilio eroso zegoen ohean, zerbaitek ez zion jaikitzen uzten. Begiak ixten zituen bakoitzean, berea ez zen bizitza erraz eta ederra imajinatzen zuen, errealitatetik urruntzen lortuz.

Emilioren ama alargun geratu zen ezkondu bezain laster, eta umetxoa bakarrik hezi behar izan zuen, hark 9 urte betetzean trenak harrapatu zuen arte.

20 urte geroago oraindik ez zekiten istripua edo suizidioa izan bazen.

Amaren heriotzaren ondorioz, Emilio, bizirik zuen senide bakarrenarekin bizitzera eraman zuten, hau da, aitaren arreba Angelarengana.

Angela, luxuzko etxe erraldoi batean bizi zen emakume ezkongabea zen, gurasoen etxetik gazte alde egin zuen,70eko hamarkada inguruan, eta urte pare bat igaro ondoren, batek daki nola ,dirutza itzela egin zuen. Giroa eta izaera aldatu zituenetik ez zuen familiaren berririk izan, eta nahi ez, loba etxean sartu zioten arte.

Emakumeak inoiz ez zuen Emilio maite izan, umeei nazka zielako, eta orokorrean jendea gorrotatzen zuelako, eta hark 18 urte bete bezain laster, etxetik botatzea zuen gogoan, baina Emilio ez zen joan. Izebaren ondoan nagusi egin zen, ahal izan zuenean ikasketak utzi zituen, eta inoiz ez zuen lanik bilatu. Angela aberatsa zenez, haren ondasunez aprobetxatzen zen, eta gogora etortzen zitzaiona egiten zuen emakumearekin. Beraz, gorrotoz beteriko elkarbizitza zuten, eta etxe hark infernua zirudien.

- Emilio jauna ! Mesedez etor zaitez laster! – oihu hark gizona ohetik altxarazi zuen

- Zer jazo da??- galdetu zuen

- Angela da! Ez dakit zer gertatzen zaion! –emakumea negar –zotinka hasi zen.

Emiliok korrika jaitsi zituen etxeko bi solairuak eta sukalde handira heldu bezain laster ikusi zuen.

Angela lurrean etzanda zegoen, begiak erdi zabalik zituen eta aurpegian ikara antzeko keinua finkaturik zuen. Haren ondoan, Teresa, mexikar zerbitzaria negarrez zegoen.

- Teresa, zoaz hemendik eta eska ezazu anbulantzia bat- esan zion Emiliok

- Bai, noski jauna..-

Mexikarra eta haren negarra sukaldetik aldendu zirenean, gizonak Angela zehatz-mehatz begiratu zuen. Ez zegoen batere urduri, eta emakume itxuradun munstro haren heriotza, munduko beste ezer baino gehiago desio zuen, beraz, guztiz hilda zegoen frogatzera hurbiltzen ari zenean, eskuan zerbait zuela ikusi zuen. Papertxo zati bat zen, ordenagailuz idatzitako letra beltz batzuekin:

Hau azken abisua da , aurkitu zaitugu.

Datorren igandean, urriak 12 tren geltokiaren ondoan ikusiko dugu elkar. Ekar ezazu guztia.

K. U.

Papertxoa poltsikoan gorde, eta ez zion beharrezko garrantzia eman

Urriak 6, astelehena.


Medikuek esan zutenez, bihotzekoak jota hil zen.

Angela igandean lurperatu zuten, eta espero bezala, mezan oso jende gutxi egon zen; Emilio, Teresa eta pare bat arlote. Bazirudien, eguneroko mezak entzuten dituzten amona zaharrek ere gorroto zuten Angela, igande hartan ez baitziren joan.

Hurrengo orduak, suertatu zitzaionaz pentsatzen eman zituen;

Angela ez zen inoiz ezkondu, nahiz eta bere bizitzan zehar dozenaka gizonekin egon. Gurasoak eta neba ez zeuden bizirik, eta ez zuen lagunik, bere izaera harroputz eta zorrotzaren ondorioz, baina dirutza itzela, etxe erraldoi hura eta Muxika inguruan lursailak zituen.

Emiliori logikak esaten zionez ondasun guztiak bereak izango ziren, izebak ez baitzuen estatua miresten, eta dirua bota ezean nahiago zuen norbaitek xahutzea, nahiz eta bere loba izan behar hartzailea.

Muxikako lurrak ez zituen ezertarako nahi, ez baitzuen nekazaritza gogoko, eta alokatzea edo saltzea pentsatu zuen, etxeko zenbait margolanekin batera, horrela, betidanik nahi izan zuen Ferraria erosi ahal izango zuen, baina hori baino lehen, notarioarenera joan behar zuen, izebaren azken nahiak entzutera.

Ilusioz eta planez betea, Emilio goiz oheratu zen.


Urriak 9, Osteguna


-Angelak Eubako etxea eta barruan dauden gauza guztiak utzi dizkizu, Teresa barne. Muxikako lurrak ere zureak dira- hasi zen notarioa poliki esaten

- Eta dirua?- galdetu zuen urduri Emiliok

- Mesedez, utzidazu bukatzen. Bere ondasun guztiak zureak dira, baina arazo bat daukazu, berak jada, ez zuela ondasunik

- ZER? Nolatan gerta liteke hori?!- Gizonaren masailean, urduritasun malkoak ageri ziren

- Denbora zen ez zuela hipoteka ordaintzen , eta bankuko kontuak zenbaki gorritan zituen, gainera, zor zuen diru guztiaren ondorioz, Muxikako lurrak ere kenduko zizkioten. Beraz etxea nahi baduzu, zurea da, baina…-

- Noski nahi dudala! Nire izebak utzi badit, nirea da, eta nik ez dut ezer zor!

- Bai jauna, baina etxe hori jada ez zen zure izebarena, eta bertan bizitzen gelditu ezkero, botako zaituzte, kalte-ordaina emanez, noski.

- Nik ez dut halakorik nahi, nik nire etxea nahi dut!- Emilio guztiz zoratuta balego hasi zen oihuka, azkenean, baretu eta gero notarioaren bulegotik alde egin zuen arte.

Zer egingo zuen orain? Ez zuen testamentua onartu, ez zuen bizilekurik, ezta dirurik. Gainera, ikasketak gazte zela utzi zituenez, ez zuen lanik ere. Beraz, kale gorrian zegoen, eta dena izeba deabrutzarraren erruz.

Ziur dena pentsatuta zuela! Ziur ez ziola ezer utzi nahi!

Hainbeste urtetan zehar sufritzen egon ondoren espero zuen atsedena ez zen inoiz helduko, eta hori gutxi balitz dena galdu zuen, ezer egin barik gehiegi espero izanagatik. Orain damu zuen langabetua izatea, ikasketarik ez edukitzea eta amak utzi ziona autoan xahutu izana.. Jazoko zitzaionaren berri izan bazukeen …

Gainera zetorkion etorkizun beltzari aurre egiteko esperantzarik ez zuenez, buruaz beste egitea planteatzen hasi zen, baina aurretik zerbait argitu nahi zuen.


Urriak 12, igandea

Hau azken abisua da , aurkitu zaitugu.

Datorren igandean, urriak 12 tren geltokiaren ondoan ikusiko dugu elkar. Ekar ezazu guztia.

K. U.


Nahiz eta papertxoa hainbat aldiz irakurri, ez nion zentzu berririk aurkitzen. Angela emakume gaiztoa zen, baina ez mafia edo amerikar filmetan agertzen diren erakunde gaiztoekin tratuak egiten dituen horietakoak, nik uste. Dena den, gauzak okertu ezkero, handik alde egingo nuela ziur neukan, zeren eta, nahiz eta nire buruaz beste egin nahi izan, ez nuen iskanbila handirik eragin nahi.

Mehatxuan jartzen zuen lekura heltzen ari nintzela, beltzez jantzitako tipo arraro batzuk ikusi nituen. Eskaileren goialdean 3 gizon eta emakume bakarra zeuden. Guztiak Angelaren adin berekoak zirela esango nuke , urte pare bat gora –urte pare bat behera, eta harekin gauza bat komunean zuten: itxura zorrotza, maitasun gabekoa.

Nire autoak transmititzen zidan babesean murgildurik, euren fisikoa ikertzen jarraitu nuen, euren barneak arakatu nahian, bat-batean haietako baten gerrian jarri nuenean arreta osoa. Tipo hark suzko arma zeraman!

Egoera horrek film bat zirudien..hori ez zen errealitatea, poliziaren laguntza behar nuen. Ziurrenik ez zen ezer gertatuko, baina seguruago sentitu nintzen deia egin ondoren, 10 minuturen barruan han egongo zirela esan zidaten.

Autotik irten , eta haiengana hurbildu nintzen, nire buru-eraile sena agerian utziz. Hurbiltzen nindoan heinean, oihuka hasteko gogoa pizten zitzaidan, eta barneko zerbaitek handik alde egitea agintzen zidan, baina beti bezala, ez nion jaramonik egin. Tipo haiengana hurbildu, eta euren harridura aurpegien aurrean, papertxo zatia eman nien.

- Non da Angela? – galdetu zuen emakumeak

- Hilda dago, bere loba naiz. Barkatu baina, nor demontre zarete, eta zer da nahaste hau guztia?- esan nien dardarka nengoen bitartean.

- Zoaz pikutara! – oihukatu zuen gizonetako batek suzko armaz apuntatzen ninduen bitartean. Gorputz guztia izerditan nuen eta segundo gutxitan negarrez hasiko nintzen.

- Ez mesedez!!- erregutu nien , hark pistolaz destatu, arnasari eutsi, eta katua leunki sakatu zuen, axolagabetasun aurpegi haraz begiratzen ninduen bitartean. Bat-batean dena beltz zegoen.

- Zuok geldi! Mugimendu zipriztinen bat eta tiro egingo dugu! – Polizia han zegoen, Emilioren gorpua hoztu berri zenean.


Urriak 14, asteartea.


Poliziak 70eko hamarkadatik gaur egun arte izandako euskal droga-trafikatzaile talde garrantzitsuenetakoa harrapatu zuen Zornotzan.


Pasadan igandea, urriak 12, Zornotzako udaltzainek Karlos Urrutia Garcia eta haren kideak harrapatu zituzten Zornotzako tren geltokian. Minutu batzuk lehenago , Emilio Garmendia , 40 urteko eubatarren deia jaso zuten, gizon batzuek suzko armak zituztela, eta haiek idatzitako mehatxu bat zuela.

Polizia heldu zenerako Emilio tiro batez hilda zegoen, eta gaizkileek ez zuten alde egiteko astirik izan.

Gaur jakin dugunez, mehatxua Angela Garmendiari zuzenduta zegoen, trafikatzaile taldeko kidea izan zena 70tik 90ra bitartean. Angela, 90ko hamarkadan ezkutuan erretiratu zen Zornotzara, azken heroina kargamentuak ordaindu gabe, eta material mordoa lapurtuz. Bertan bizitza arrunta eraman zuen, isilpean, mehatxua jaso zuen egunean, bihotzekoaz hil zen arte. Droga saltzen lortutako azken milioiak Muxikako lursailetan lurperatuta aurkitu dituzte, eta zuzenean estatuaren kontrolpean geratu dira.

Talde honek 30 urte zeramatzan aktibo, Espainia, Frantzia, Portugal eta Maroko inguruetan drogekin trafikatzen zutelarik, ehun milioi euroko kapitala izanez.

Karlos Urrutia, Antton Murua, Fermin Cano , Jon Olea eta Arantza Lopez trafikatzaileei, hainbat kargu leporatzen zaizkie; heroina, kokaina, eta marihuana trafikoa, ibilgailu lapurreta, fraude fiskala eta hilketa besteak beste.

Epaileak, 75 urteko kartzela zigorra ezarri die.


No hay comentarios:

Publicar un comentario